Gure LGTBIQ+ Itsasadar Koloretsua ibilbidearen eskutik, Urdaibai Erreserbaren joritasun naturala ezagutuko duzu, itsasadarraren, itsasoaren eta formazio geologikoen koloreei arreta berezia jarrita. Naturak harro erakusten dituelako bere koloreak beti!

Itsasadarraren koloreak

Urdaibain barrena itsasontziz gure ibilbideetako bat egiten duzunean, kolore-paleta harrigarria ikusteko aukera duzu: esmeralda-berdea, goroldioaren berdea, urdin bizia … hots, Biosfera Erreserba den itsasadarraren oparotasuna eta biodibertsitatea islatzen dituzten koloreak. Ekosistema jori-joria, zeinean uretan fitoplankton ugari dagoen eta eguzki-printzek, nahierara, eguneko orduaren arabera, ñabardura ederrak sortzen dituzten. Kolore kartsuak, aldi berean inspiratu eta lasaituko zaituztenak.

Itsasertzera hurbildu ahala, itsasoak kolore urdin biziarekin adieraziko dizu iparraldean, Kantauri itsasoko kostaldean gaudela, zeinak alga eta fitoplankton asko dituen, eta horiek modu berezian xurgatzen dute argia. Halaber, Urdaibain, Oka ibaiaren estuarioa denez, ur geza eta gazia nahastu izanak kolore histutze ikusgarriak eskaintzen dizkigu, itsasbazterreko alde argietatik inguru sakonetako alde ilunetara.

LGTBIQ+ ibilbidea: Itsasadar koloretsua

Urdaibain barrena itsasontziz ibiltzeko LGTBIQ+ turismorako berariaz sortu dugun ibilbidean, paduraren kolore guztiak ezagutzera eramango zaitugu. Beste edozein sistema urtar ez bezalako ingurunea delako. Mantenugai eta jalkinen joritasuna hainbesterako da, ezen uretan kolore berdingabeak sortzen diren, pertsona askorenak bezain paregabeak.

Fitoplankton, mikroalga eta beste mikroorganismo fotosintetiko asko dagoenez, ura tonu berdez tindatzen da, eta, noizean noiz, tonu horiek oso biziak dira. Eguzkiaren argia horrelako tokietan garbia eta bizia denez, izpiek ura eta jalkinak ukitzean kolore ezberdinak ikusten ditugu. Kolore horiek ederrak eta askotarikoak dira, baina ‘Itsasadar Koloretsua’ ibilbidean ikasiko duzu funtsezkoak direla espazio horiek zaintzea. Leiho irekia da unibertso natural batera, eta inguruaren bizi-dinamikak gure begien aurrean hedatzen dira, lotsarik gabe.

Itsasoaren koloreak

LGTBIQ+ Itsasadar Koloretsua ibilbidean itsasertzera hurbildu ahala, naturak koloreak lotsarik gabe hedatzen dituela ikusten jarraituko dugu. Halaber, ikusiko dugu uretako eta jalkinetako mantenugaiak funtsezkoak direla. Oka ibaiaren bokaleko ur nahasietan, berde zikinak edo marroiak sortu ohi dira, partikula organikoak eta jalkin nahasi esekiak daudelako. Hondoan urak nahasita ez dauden tokian, aldiz, urdina garbia eta lasaigarria da. Eguzkitan bagabiltza itsasadarrean, ur gardenak biziki islatzen du kolore-paleta, eta gure ibilaldia esperientzia paregabea da ikusmenarentzat.

Geologia LGTBIQ+ ibilbide batean?

Bai! Kolore guztiak ez daudelako uretan bakarrik LGTBIQ+ Itsasadar Koloretsua ibilbidean: paisaian ere antzemango dugu tonu naturalen aniztasun itzela. Historian zeharreko joritasun mineralaren eta prozesu geologikoaren ondorioa da. Lur-koloreko tonu motelak, tartekoak, biziak eta deigarriak. Berriro ere, aniztasuna eta bestelako oreka eta askatasuna.

Urdaibain zehar itsasontziz ibiltzean, ikasiko dugu kolore aniztasun hori paisaia osatzen dituzten mineralen konposizio kimiko eta egituragatik gertatzen dela. Burdin oxidoek tonu gorrixkak eta horixkak sortzen dituzte; hainbat mineralek, hala nola dolomitak edo kaltzitak, aldiz, zurixkak, berdexkak eta arrosak, ezpurutasunaren arabera. Beste mineral batzuek, ostera, kolore metalikoak eta distiratsuak, zilar-kolorekoak eta beltzak. Metafora hori giza aniztasunetik hain gertu dago, ezen horretan pentsatzeak harritzen duen.

Hitz batez, Urdaibain zeharreko Itsasadar Koloretsua ibilbideak, LGTBIQ+ komunitatearentzat eta turismorako bereziki sortu dugunak, naturaren kolore-paleta txundigarria du inspirazio. Paleta askotarikoa eta inklusiboa, giza aniztasun zoragarriarekin alderatu dezakeguna: nork bere identitatea, bere ustea eta bere lehentasunak dauzka. Maitasuna eta gizakiok bezala, kolore imajinaezin guztietakoa baita natura.