Urdaibai bisitatzeak esperientzia paregabea eta ahaztezina izan behar du pertsona guztientzat. Izkira Urdaibaikook guztiek goza dezatela nahi dugu, denbora batez paradisu natural honen parte senti daitezela, aberastu eta aldatzen gaituen toki horren partaide. Gaur egun, ordea, oraindik beharrezkoa da aniztasun kultural, sexual eta funtzionalarekin dugun konpromisoa indartzea. Era guztietako bisitarien presentzia, aniztasun eta sormenaren eskutik Urdaibai haz eta gara dadin, bere zertasuna galdu gabe, bertoko ondarea zaintzen.

Gure eskaintza: turismo inklusibo eta jasangarria

Izkiraren helburua da Urdaibai osoan ‘LGTBIQ+ friendly’ turismo-eskaintza ugaria egotea: inklusiboa, irisgarria, jasangarria eta pertsona guztien eskura. Gu bagara horrelakoak. Baina gure asmoa ez da merkatu-zatia geureganatzea eta gure buruei pinkwashing egiteko dominak jartzea. Izan ere, beti eskaini dugu Bizkaian turismoaz gozatzeko bestelako modu bat. Urdaibai gisakoa: naturala, bereizkeriarik edo oztoporik gabea, inklusiboa, gure altxorra, gure ingurunea, Biosfera Erreserba, zaintzen. Izaera horrek iraun dezala nahi dugu, eskualdeko turismo-eskaintzaren artean ahalik eta gehin zabal dadila.

Horregatik, LGTBIQ+ pertsonek aisialdian era guztietako aukerez eta proposamenez gozatu nahi dutela jakinda, gure itsasontziak esperientzia bereziak eskaintzen dizkie. Gure ibilbide turistikoak pertsona guztientzat izan dira beti, eta horrela izaten jarraitzen dute. Baina, orain, LGTBIQ+ ibilbideak abiarazi ditugu harrotasunez ospatzeko Urdaibai queer aliatu helmuga dela. Eta beren neurrira egindako ibilbide berezi baten eskutik bizi nahi dutenek, aukera izango dute.

Queer Destination zigilua eta Bizkaia, LGTBI Travel Allies

Helmuga inklusiboa eta LGTBIQ+ komunitatearekiko adiskidetsua izateko aspalditik lan egiten dihardugu Izkira Urdaibain. Ekintza etikoa eta gizartearekin arduratsua delako ez ezik, guztiok paradisu honetaz modu seguruan eta inklusiboan gozatu behar dugula sinetsita gaudelako ere. Esaterako, 2023an, Queer Destinations Committed (IGLTA) nazioarteko zigilua lortu genuen, ‘Hospitality Meets Equality’ (Turismoak berdintasunarekin bat egiten du) programa hezitzailea egin ondoren. Programa horren bidez, enpresaburuok LGTBIQ+ komunitateaz jakin beharreko guztia ikasteko aukera dugu, hala nola kontsumo-ohiturak edo bisitatzera etortzen zaizkigunean nola sentiarazi etxean baleude bezala. Halaber, queer turismoari buruzko estatistikak, kasu praktikoak eta elkarrizketak ere ezagutarazten ditu programak. Kalitate- eta berme-zigulu horren arabera, Izkira Urdaibai LGTBIQ+ friendly da, hots,aukerakoa Bizkaiko turismoan bereizkeriarik gabeko esperientzia pertsonalizatu eta paregabeen bila ari direnentzat. Bermatu egiten du bezero, langile eta laguntzaile guztiei tratu errespetutsua eta berdinzalea ematen diegula, sexu-orientazioa, genero-adierazpena eta genero-identitatea edozein direla ere. Jakina, zigiluak ere ziurtatzen du Izkiran ezin dela LGTBIQ+ pertsonen aurkako inolako bereizkeriarik, jazarpenik, larderiarik, isekarik, mehatxurik edo indarkeria fisikoa edo emozionala dakarren bestelako jarrerarik izan. Era berean, Bilbao-Bizkaia LGTBI Travel Allies zigiluari atxikita gaude, eta honen partaide gara: Partnership for Global LGTBIQ+-Equality.

Aniztasun naturala eta LGTBIQ+ turismoa

Izkira Urdaibain sinetsita gaude pertsonak bizitzako edozein alderdirengatik diskriminatzea jokabide gaitzesgarria eta etika gutxikoa dela. Era berean, heziketa faltaren sintoma da, estereotipoak onartzea dakartza eta munduak eskura jartzen digun aniztasunari bizkar ematea da. Garai bateko hainbat ingurunetan, sozializatzeko moduak kolektibo jakin batzuenganako diskriminaziozko jarrerak indartzen zituen. Baina egunotan, LGTBIQ+ kolektiboa diskriminatzeak desberdina denaren aurreko beldurra, enpatia falta eta aldatu nahi ez izatea adierazten ditu. Etengabe naturarekin harremanetan bizi garenok argi eta garbi ulertzen dugu hori; hortaz, Urdaibaik aniztasun natural aberasgarria sozialki ere isla dezala nahi dugu. Izan ere, Urdaibaiko aniztasun naturalak queer komunitatearekiko turismo inklusibo eta adiskidetsua sustatzera garamatza. Bidezkoa izateaz gain, eskualdeko negozio eta enpresentzat ona delako, ekonomiari ez ezik (badakigu LGTBIQ+ turistek gainerakoek baino gehiago gastatzen dutela), entzuteari, sormenari, eskulan prestasunari eta berrikuntzari ere dagokienez (kontsumitzaileek eskatzen digute). Zinez uste dugu gure eskualdea eta lurraldea gehiago haziko diela inklusiboagoak badira. Inklusioa egokia da gizakion ikuspegitik, eta, gainera, estrategiarik onena da Urdaibai hazteko.

LGTBIQ+ turismoa Bizkaian eta Urdaibain

Inork ezin du ukatu LGTBIQ+ turismoa nabarmen hazi dela mundu osoan. Helmuga asko lan egiten ari dira LGTBIQ+ komunitatearekiko toki adiskidetsuak eta abegitsuak izateko. Hiri xarmangarriak, hala nola Berlin, San Frantzisko, Los Angeles edo Bartzelona ospetsuak dira queer komunitatearekin abegikorrak izanagatik. Zalantzarik gabe, pertsona guztiei esperientzia inklusiboak eta seguruak eskaintzen dizkieten helmuga adiskidetsuetara bidaiatu nahi duten turistak erakartzen dituzte. Espainiari dagokionez, Madrilgo eta beste hiri batzuetako Orgullo LGTBIQ+ ospakizunak ekitaldi oso erakargarriak bilakatu dira. Munduko txoko guztietako bisitariak etortzen dira festa itzel horretaz gozatzera, desfile nagusian milaka pertsona biltzen baititu. Bizkaiko hiriburuak eta lurraldeko hainbat herrik, hala nola Lekeitiok, Plentziak, Santurtzik edo Mundakak ere urratsak eman dituzte LGTBIQ+ turismoa sustatzeko, horrelako ospakizunen bitartez. Plataformak, programak, jarduerak eta proposamenak sortu dira Orgullo festaren inguruan, aniztasuna eta askatasuna ospatzeko. Eta Urdaibai ez da atzean geratu behar. Legeriak eta herritar ireki, moderno eta toleranteek ere lagundu dute Bizkaia kolektiboko turistentzat abegitsu izaten. Baina ezin dugu ahaztu munduko toki askotan sexu-askatasuna ez dela pertsona guztien eskubidea. Eta, zoritxarrez, etxetik hurbil ere ikusten ditugu, noiz edo noiz, LGTBIQ+ pertsonen aurkako erasoak edo eskubide-urratzeak. Hori dela eta, ez dugu ahaztu behar oraindik bide luzea dagoela egiteko, hau da, queer komunitatea erakartzeko ekimen turistikoak, enpresakoak eta aisialdikoak sustatzen jarraitu behar dugula. Guztion onerako, eta bertoko gizarteak eta turismoak hobera egin dezaten.